gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2025ko irailak 29, astelehena
Walser
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > ROBERT WALSER,1878-1956
LIBUREI BURUZ

Microgramas" -bertsoz idatzitako drama, mikrokontaketa eta poema bilduma, Walserren literatur-testamentua- honela hasten da: "Gehienetan, idazten hasi baino lehen, prosa laburrez jositako berokia janzten dut". Walserrek bere lagun eta testamentu-betearazle Carl Seeligi esan zion garai batez bere talentua, hau da, nobela, gehiegi "apetan hartu" zuela. Walserren hitzetan, horretaz jabetu orduko, "ipuin laburren eta literatur-artikuluen kobazulora alde egin" zuen. Bere ipuinez nahiko ezkor hitz egiten duen arren, Walserren estiloak erosotasun paregabea hartzen du laburtasunean; "Vida de poeta", "Historias de amor" edo "La rosa" idatzietan literatur ideia mordoa dago, baita "Micro-gramas"-en ere, bere "hizkuntza biltegi eta hizkuntza laborategian", alegia.

Eleberrien artean, "Jakob von Gunten" da autoreak berak gehien maite duena; "El paseo"; "El ayudante" eta "Los hermanos Tanner" ere nabarmentzekoak dira. Horietan guztietan, tonu autobiografikoa argia da. "Jakob von Gunten" gazte zenean etxezainen eskolan izandako zenbait hilabeteko esperientziaren ondorioz idatzi zuen. Izan ere, eremu hori mendetasuna eta altxamendua, desioa eta bere frenoak, ikertzeko erabili zuen. Liburu horretan, beraz, ordenaren goraipamena eta ironia batera agertzen dira.

Robert Walser ibiltari handia zen, eta "El paseo" liburuan, alderrai ibiltzearen esperientzia kontatu zuen. "Paseatzea ezinbestekoa dut, animatzeko eta mundu biziarekin harremana gordetzeko. Sentsazio horiek gabe, ez nintzateke hitz erdi bat ere idazteko gai, eta ezingo nuke poema txikiena ere osatu, ez bertsotan, ez prosan. Paseatuko ez banu, hilda egongo nintzateke, eta nire lanbidea, bihotz-bihotzez maite dudan arren, desagertuko litzateke." Liburu horretan, munduaren eta bere pertsonaien antzerkia deskribatzen du.

"El ayudante" liburuak, berriz, Tobler ingeniariaren eta bere familiaren historia kontatzen du, Joseph enplegatuaren ikuspegitik. Berriro ere, Walserrek bizitako esperientzia bat erabiltzen du -sei hilabetez Dubler ingeniariaren laguntzaile izan zen- familiaz, emakumeaz eta hierarkiaz duen ikuspuntua kontatzeko. Emakume burgesa, "garbitasun eta baliagarritasun" artean hezia izan arren, "praktikotasuna eta oharpena goreneko baloreak" diren munduan handitu arren, ameslaria da, eta badaki zer ezkutatu behar dien senarrari eta gizarteari, "xelebretzat" jo ez dezaten.

"Badirudi Simon Tannerrek, zorionean murgilduta alderrai ibiltzen den horrek, ez duela ezer eragin nahi; ez al du, ordea, irakurlearen atsegina sortzen?", esan zuen Franz Kafkak "Los hermanos Tanner" liburuari buruz. Walserren eleberri handienetakoa da; eta, bertan, bere senide batzuk argi islatzen ditu: Lisa arreba eskuzabala, edo Karl Walser anaia margolari azkarra, alegia. Hor ere, maitasun sakona eta beharrezko aldentzea uztartuta agertzen dira. Walserrek bizitza nomada eta independentzia aukeratu zituen. "Robert Walserren berezitasuna -idatzi zuen Canettik- motibazioak inoiz ez aipatzea da. Idazleetan ezkutuena da".

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net